EVERESTEKO TREKKING-A 2019

1. NAMASTE

Bost egun dagoeneko Nepalen. Pangboche herriskatik ari naiz, 4.000 metrora. 6 orduko eguna burutu ostean. Eta bizitzan lehen aldiz Everest, Lhotse, Ama Dablan edo Thamserku bezalako menditzarrak ikusi ondoren. Askotan esan izan dudan moduan, parekorik ez duten paisaje eta mendiak ezagutzea dut akuilu. Eta Himalayak ez du parekorik.

Eta ez bakarrik hemen munduko gailur garaienak daudelako. Edonor Everesteko oinarrizko kanpamendura irits daitekeelako pazientzia eta sasoi fisiko normal batekin (nirea ez da normalera iristen). Nepalgo mendiak, jendea eta herriak zoragarriak dira. Esandako lekura eramango zaituzte gidariek, zure zama porteadoreek, nahi beste zalantza argitu espainieraz edota ingelesez, eta bideetan gora gozatuko duzu bihotz taupadak bizitzen dituzten zubi metaliko sakonetan, bat-batean 7 mila metroko mendi bat ikusiz, edo besterik gabe, eguneko lanak bukatu eta beste edozein herritako trekker-ekin solasaldi aberats bat eduki te goxo bat dastatzen duzun bitartean.

Eta bai, hegaldia nekagarria izan zen. Motxila prestatzea bezala. Kathmanduko aireportu nazionala itxita dago eta bost orduko traslado nekoso bat egin behar izan genuen, Luklara eramango gintuen hegazkina hartzeko. Lukla, munduko aireportu arriskutsuenetakoa omen... Turbulentziak eta 500 metroko pista motza, aldapa gora! Iritsi ginen, eta gaitzerdi!!!

Luklan hasten da Everesteko trekking-a, 2.840 metrora. Luklan denetarik dago... Irish pub-ak ere bai. Bueltakoan datu gehiago. 3 ordu lehen egunean, Pakhding arte (2.500 metro), eta bigarrenean Namche Bazaar -en otordua, Solokhumbu eskualdeko hiriburuam (3.460 m.). 1.500 biztanle ditu eta bertara oinez, edo helikopteroz bakarrik irits zaitezke. Beste bi ordutxo, Khyamjang arte. 7 orduko bidea eta 1.300 metroko desnibel positiboa.

Gaur, igandea, beste sei bat ordu. Tengbocheko Monastegian ikusi dugu lehen aldiz Everest, eta Pangboche herrian gaude atsedena hartzen. 4.000 metro justu, bertan lo egiten denean burua protestan hasten den altuera. Baina bihar, astelena, 4.600, eta gero 4.800, 5.100... Holaxe, segiko det hemengo berri ematen! Ostiralean edo!

 


2. MENDIAK AGINTZEN DU

Lobuche herrian gaude Joseba eta biok. 3.970 metro. Nuptse daukagu aurrez-aurre, baino betekada latza hartu degu azken bizpahiru egunetan: Ama Dablam, Thamserku, Tsobuche, Pumori, Lhotse... mendi ikusgarriak denak, oso garaiak, eta horrek peaje bat darama pack honetan. Ingelesez sickness esaten diote. Euskeraz buruko mina. Oxigeno faltak gorputzak bere ohiko funtzioak egiteko lan handiagoa egin beharra dakar, eta jakina, horrek hainbat eragin ditu: buruko mina, apetito falta, konszientzia galtze arinak, eztula...

Nik atzo jaso nuen lehen abisua. 5.000 metroak pasata. Nekea, ezina, bista argiegia ere ez... Paracetamol bat hartuta joan ziren denak, baina adi ibili medikamentuekin. Sintomak mantendu edo areagotzen badira, onena jestea, bestela zure bizitza arriskuan egon bailiteke. Batzuek parra egingo duzue, baina niri apetitoa jun zait bat-batean...

Pangbochetik Thuklara 4.000 metrotik 4.600era. Thuklatik Gorakshepera, 4.600dik 5.160ra, eta gaur Kala Pattar gainera igo gara, Everesteko egunsentia ikusteko. 5.540 metrora dago Kala Pattar eta bistak ikusgarriak dira. Begiratzen duzun tokira begiratuta ere, krixtoren mendi puskak. Ordubete egon gara goian, ingurune hau itsusten duen gauza bakarrarekin haserre: Everest mendiko behe kanpamendua. 3.000 lagun bizi dira han maiatzean, ehunka espedizio eta mendizale, munduko paraje hau gure herrietako plaza soinutsu huts bilakatuz. Toki hori ezagutzeko aukera geneukan, baino ez gara joan.

Goraksep-en Azkoitiko bikote bat ezagutu dugu, Borja eta Oihana, eta haiekin aritu gara mundua konpontzen. Lobuche East mendia igotzeko asmotan garela, 6.119 metrokoa. Ostegunez iritsiko gara 1.go kanpamendura (5.200) eta gero gerokoak. Noski, interkonektatua dagoen mundutik aparte ibiliko naiz, beraz berriz arte!

 

3. ARRAKASTAZ ETA PORROTAZ

Agur bero bat Dzonglhatik. Deskansuan. 4.835 metrora eta wifi-a etxean baino azkarrago. Lobuche East bukatu da niretzat. Hasi gabe. Baina kontent. Gaur goizean igo behar genuen hormaren azpian 1.300 metroko desnibela gainditu behar nuela ikusi dut, eta norbaitek, ahots ezkuturen batek, abisatu dit: "nora hoa, motel?".

Nora noa azken bi egunetako ezin fisikoa, apetito falta eta buruko minak pasata. Nora Kala Pattar-eko 400 metroko desnibela gainditzeko gorriak ikusi dituzunean. Erabakiaren berri eman dut sare sozialetan eta dozenaka adar jotze entzun eta irakurri behar izan ditut. Ongi etorriak denak, egiari zor nire prestakuntza fisikoa kaskarra izan baita trekking hau prestatzeko. Sagardotegietako denboraldia osatu dut ondoen...

Adarra jo didaten berek eskertu naute, baina, hain paraje politak bistaratzea, edo nire sentsazioen berri hain gordin eman izana. "Baina gailur hori egitera joan eta saiatu gabe ere bueltatzea merezi al du?", galdera errepikatuena. Erantzuna: BAI. Mila aldiz. Bidaia honen arrakasta edo porrota ez duelako gailurrak markatzen, paraje hauek ezagutu izana baizik. Eta ezagupen hori partekatzea zuekin guztiekin.

Ni eta Joseba laguna antzeko moldean gabiltza azken urteetan. Trekking-en bat eta 6.000 metroko mendiren bat tartean. Igo daitekeela? Ederki. Ezin dela? Berdin. Ez dut post hau nire lorpenak zerrendatzeko erabiliko. Esango dut mendi garaietan ibilia naizela, sarri, eta urteen joan-etorrian ikasi egiten dela noiz esan bale. Mendia errespetatzen ez baduzu akaso bigarren aukerarik ez duzula izango.

Ezin denean ezin da, ez dago besterik. Ziur noizbait, nonbait zeuen burua ezinean ikusi duzuela, buelta eman ezinik. Horrek, gure egunerokoan, erremedioa dauka. 5.000 metrotik gora agian ez. Beraz buelta erdi eta ikusi eta bizitakoak kontatzen segitu.

Niretzat arrakasta da halako paisajeak ikusi eta ezagutaraztea. Porrota litzateke osasun arazo larriren bat, taldean rollo txarren bat sortzea... baina mendi bat ez igotzea ez... Lata ematen jarraitu nahi dizuet, Lobuche East gailurra igota bueltatu baitira Joseba Oiarzabal eta Dawa Tama. Haiek pozik, ni pozik, beraien arrakasta nirea delako. Josebak esan dit oso igoera gogorra izan dela, izotz handikoa, baina goitik ikusi dituzten bistak ikaragarriak zirela. Orain atsedena hartzea tokatze zaio... eta niri lata ematea!

 

4. ZERUTIK LURRERA

Dzonghlatik Namchera 4 egun eta milaka metro joan zaizkigu. Goraka eta beheraka. Gorantza gutxiago, noski, kontakizun hau 4.835 metrora hasten baita. Cho La Pass lepoa pasa genuen larunbat goizean, 5.350 metroko pasabide gaizto samarra, elur, izotz eta harriz betea. Somanta ederra hartu genuen Dragnac-era iristeko. Eta handik Gokyora, 4.760 metrora. Alpeetako herriska dotorea benetan.

Gokyo Ri behatokia entzungo zenuten agian. Ezagutzen dutenek parerik gabeko txokoa zela esan ziguten, 5.483 metroko atalaiatik zortzi mila metroko lau mendi ikusten direla! Ba abiatu ginen, goizeko 6retan, eta 3 orduko igoera nekagarriaren ostean... mundua geratu zen.

Gokyo Ri-ko bista ederra baita. Behean Gokyo bere glaziar lakua eta guzti, Tsolache eta Tabuche erpin zorrotzak zaindari dituela. Zer esan Ngazumba glaziar erraldoi eta hautsiaz. Khumbukoak eramaten du fama, baina Cho Oyun behera datorrena ikaragarria da. Cho Oyu, hori da sumatzen den lehen menditzarra, 8.201 metrokoa. Ezker-eskuin eginez gero, Everest eta Lhotse azalduko dira, Makalu, Ama Dablam eta beste. Inoiz ikusi dudan paraje ederrenetakoa, batzuk ezagutze baditut ere.

Gokyon behera tenperatura epeltzen sumatu genuen, nahiz eta Machrmon elur zaparrada  ikusi genuen. 4.470 metrora, ez pentsa. Hortik behera begetazioa, pinuak, patata soroak, beroa, bizitza... 7 egun luze 4.000 metrotik gora lo egin ostean 3.500era lo egitea gozamena da. 

Namche Bazaar-era bueltatzea bezala. Gaur lainorik gabe, joanekoan ez bezala. Etapak erretzen. Porsche bezalako herriekin gozatzen. Ama Dablam-i agur esaten. Gaur Pakhding-en bukatuko dugu, bihar Luklan, hegazkina, Kathmandu... Hau bukatzen ari da!

 

4. FERI VETAUNLA

Namaste esanez hasi ginen, Feri Vetaunla esanez banoa. Alegia, agur, edo gero arte, Nepal berriro bisitatzera etorriko bainaiz berandu baino lehen. Kathmanduko Thamel auzoan gaude, hotel txukun batean. Post hau irakurtzen duzuenerako hegazkin barruan egongo naiz, agian. Edo batek daki, akaso geltokiren batean, Bilbora iritsi aurretik.

Bi aste eskas non munduko sapaia ezagutu dugun: Everest. Baina ez da ikusi dugun mendi ederrena izan. Pumori eta Ama Dablam ederragoak direla esango nuke. Edo Thamserku bera. Politak herriak, monastegiak, eta jendea. Adeitsu beti. Gure esker on ordain ezina Dawa Tama gidariari eta Kebal Rai zamariari. Haiek gabe jai. Edo Nepal laurdena baino ez.

140 bat kilometro izan dira. Niretzat gogorrak, kiloz soberan etorri bainintzen. Altuerarekin arazo arinak. Bestelakoan larririk ez. Eguraldia ere lagun, bi egunetan izan ezik. Luklako azken egunean zaparrada latza bota zuen. Gaur gauean Kathmandun ere, trumoia. Monzoia badator. Akabo trekking gehienak Nepalen udazkena arte. 

Kontatuko ditut, hemengoak, han, luze eta zabal. Eta argazki hobeagoekin, noski.

FERI VETAUNLA NEPAL!!!