Chistau Bailara: Mendia eta atsedena

Pirinioetako bailara ederrenetakoa da Chistaukoa, baina beste txoko batzuekin konparatuta, askoz bisita gutxiago hartzen duena. Autoz lau ordu luze daude Euskal Herritik, eta eski estaziorik ez dago, gertu. Trukean, nahi beste mendi igo daitezke, asko 3.000 metrotik gorakoak: Chistau bailaratik gertu dago Posets mendia (Llardana ere esaten diote), Pirinio osoko bigarren garaiena, 3.375 metrorekin. Ekialderago, Perdiguero, 3.219 metrokoa. 3.000 metroko langa gainditzen duten hamarnaka mendi daude, Viados eta Estos aterpeetatik gertu (autoan irits daiteke Viadosera).

Baina horietara igotzeko sasoi puntu ona behar da, eta ordu asko. Egun erdiko irteera mordoa dago, arratsaldeak probestu eta turismoaz gozatzeko. Cotiella mendigunean, adibidez. Cotiellak ez du 3.000 metroko langa iristen, 2.912 metro ditu, baina oso gailur ezaguna da. Bere magalean Pirinio guztiko ibon edo aintzira politenetakoa gordetzen du: Ibon de Plan edo Basa de la Mora, 1.900 metrora. Aintzirara 20 minutuko osteratxo erosoan iritsi daiteke Saravillo herriko pistatik Lavasar aterpera daraman bidetik, eta udan mendigonzalez dezente batzen dira. Goi gailurretara iristeko alternatiba interesgarria da, bestelakoan oinez 1.000 metrora hasi behar delako Plan herrian, eta Ibon de Plan-era iristeko ia 3 ordu behar direlako.

Lavasar-etik 2 ordu pasatxotan Peña de las Once gailurrera irits zaitezke (2.658 metro), ikuspegi bikaina eskaintzen duen gailur erraza. Gailurretik Cotiella, Posets, Aneto bera, Perdido eta inguruak, Vignemale… den-denak agertzen dira begi bistan. Eta ordubete eskasean, otordu goxoa oin zigortuak aintziran sartuta. Gailur eta gailur artean, Tella herri dotorea eta ermiten paseo erosoa egin daitezke, edota La Burbian bazkaldu, Añiscloko mendi zintzurrera bidean. Ainsa bera ere ez da aukera txarra, baina abuztu betean jende asko bertaratzen da Sobrarbe eskualdeko hiriburura.

Atsedena hartuta, Punta Suelza mendia, 3.000 metroak hatzekin ukitzeko aukera ona da. 2.974 metro ditu mendi honek, baina ez du batere zailtasunik, eta ganadua han eta hemen ikusiko duzu 2.500 metrotik gorago dauden belaze emankorretan. Baita bertan bizi diren artzainen lekukotza ere. Gure harridurarako, urria erdira arte ohitura omen dute goi larreetan, elurrak ordurako belazeak zuritzen baditu ere: “Lehen elurteek ez dute belarra hiltzen. Izotza hasten denera arte egoten gara goi larreetan, gero, udaberrian, nahiko berandu bueltatzen garelako, askotan ekainean”.

Ausarta bazara, Cinca errekan bainutxo bat har dezakezu. Txo, abuztua izanagatik ura hotza dagoelako, eta minutu pare batean eguzki goxoak erreka ertzera ihes egiteko gonbitea egiten dizulako. Gosea egin eta gero, mila toki erakargarri bilatuko dituzu otordu oparoa egiteko, poltsikoa sobera astindu gabe, eta Chistau bailarara bueltatu aurretik, ezin bisitatu gabe utzi Pinetako bailara eta bertako Paradorea. Bertako atarian Soum de Ramond, Monte Perdido eta Cilindro menditzarren bakea sentitzeak estres arazo guztiak osatzen ditu.  


Jakin beharrekoak

NON Chistau bailara (Aragoi).
NOIZ Abuztu bukaera.
AKTIBITATEA Mendia eta turismoa.
EPEA

Astebete.

IRISTEKO

Iruñetik Jacara, handik Sabiñanigora, Fiscal, Ainsa eta Chistau bailara (Plan, San Juan de Plan eta Chistain herriak).

DISTANTZIAK 300 kilometro.
OSTATUA

Apartamentua. 8 lagunentzako ostatua, astebetez, 600 euro.

OTORDUAK 10-25 euro
GARAGARDO BAT

2 euro.