Hvala Slovenija
Edo eskerrik asko, eslovenieraz. Herri txiki bat: Kranjska Gora. Ezaguna neguan, eski jauziengatik. Paradisua eta lasaitasun parajea udan. Juliotar Alpeen magalean. Triglav handiaren babesean. Triglav-ek 2.864 metro ditu, Esloveniako gailur garaiena da, eta Alpe guztietako ikusgarrienetakoa ere, garaieran apala izanda. Prominentzia handia du, 2.200 metrotik gora, eta Dolomitak bezala, horma harritsu itzela osatzen du Italiako Venezia eta Trieste hirien iparrera.
2.000 metroko 400 gailur daude eskualde menditsu hauetan, eta via ferrata asko daude. Batzuk nahiko arriskutsuak. Horregatik da txoko hau erakargarria arnesa eta kaskoarekin ibiltzera ohituta dauden turistentzat. Kranjska Gorak 1.500 biztanle ditu, apartamendu eskaintza oparoa du, eta jende gehien neguan bertaratzen denez, udan salneurriak nahiko onak dira: astebete 400 bat euro 2-4 pertsonentzako. Herrian dauden jatetxeetan 15 euroren truke otordu goxoak egin daitezke.
Egin beharrekoak dira Kranjskan Vrsic mendi pasabidea, handik mendiren bat igotzeko. Edo bizikletan, gaina pasa eta Trentaraino jaitsi, 180 graduko 50 bihurgune itxi eman eta gero. Triglav-eko Parke Nazionalak (Triglavski Narodni Park) txoko ezkutu asko ditu: Mojstrana, Bovec, Podkoren… eta Jasna lakua, Kranjska Goratik kilometro eskasera. Razor eta Pivansk 2.500 metroko menditzarren azpian sortu dituzten bi laku artifizial dira, egunerokoa ahaztu eta hegan libre egiteko ordu batzuetan.
Kranjska Gora Italiako mugatik 15 kilometrora dago. Eta herri hartako Dolomitak esku-eskura, egun bateko txangoa egiteko. Eslovenian gaudenez, ezinbestekoak dira Bled lakuko bisita, udan turistaz lepo egoten bada ere. Antzeko paradisu gutxi daude munduan, merezi du hara joan eta egun pasa egitea. Ljubljana hiriburua ere gertu dago, Kranjska Goratik ordubete eskasera autoan.
Udan ikusgarria da Kranjska Gora, eta neguan are ikusgarriagoa behar du izan. 800 metrora dago eski estazioa, eta klima oso hotza da.
Jakin beharrekoak
NON | Kranjska Gora (Eslovenia). |
NOIZ | 2018ko uztaila bukaera |
AKTIBITATEA | Mendia, bizikleta. Turismo lasaia, jendetzarik gabekoa. Uda turismo sasoi baxua da. |
EPEA | Astebete. |
AGIRIAK | Nortasun agiriarekin nahiko. Eslovenia Europar Batasuneko kidea da. |
TXANPONA | Euroa. |
IRISTEKO | Hegazkina (Vienara, 250 bat euro Bilbotik, Volotea hegazkin konpainiarekin). Bergamo eta Viena dira konbinazio merkeenak eskaintzen dituzten aireportuak. Gertuen daudenak Venezia eta Ljubljana dira (garestiagoak). Kranjska Gora Italiatik 15 kilometrora dago, eta Austriatik 20 kilometrora. |
TXERTOAK | Ez dira behar. |
AUTOPISTAK | 15 euroko diru saria ordaintzen da aste baterako. Gasolindegietan erosten da. |
HAN MUGITZEKO | Alokairu autoa. Vienan, astebete, Ford Kougar autoa, Buchbinder konpainiarekin: 400 euro. |
DISTANTZIAK | Bergamo/Vienatik Kranjska Gorara 400 bat kilometro. Veneziatik 240. Kranjska Goratik Bledera 40, eta Ljubljiana hiriburura 80. |
SAKELEKOA | Euskal Herriko prezio berbera. |
OSTATUA | Apartamentua, merkea eta erosoa (500 bat euro, astebete, 2-4 lagunentzako). |
OTORDUAK | 15-20 euro. |
GARAGARDO BAT | 2-3 euro (Eslovenieraz pivo). |