Futbol Turismoa
Ez naiz oso futbol zalea, baina gustuko dut Europa zaharreko hainbat estadio mitiko ezagutzea. Laster (espero), Anfield Road-era bueltatu nahi nuke. 30 urte atzera egon nintzen han, gazte nintzela. San Siro estadioa ezagutu dut oraingoan, Milanen. Irratiko bi lankideren noa oraingoan, Mikel eta Xiker. Xiker nerazzurri sutsua da, Inter-eko jarraitzaile porrokatua. Bere burua aspaldi hasi zen bidaiaren batean pentsatzen, eta bere hausnarketek Champions League txapelketako partida batera eraman gintuzten: Inter-PSV Eindhoven.
Futbola… eta turismoa. Milan eta hiri inguruak merezi duelako egun batzuetako bisita. Pare bat Milanen, beste hainbeste Turinen, eta egun bateko osteratxoa Alpeetara. Abiatu aurretik, xehetasun garrantzitsu bat: abenduan Italia ipar-mendebaldean freddo handia egiten du. Alegia, hotza. Gauez eta goizeko lehen orduetan, 0 gradu edo beherago. Egunean zehar, bospasei gradu, asko jota. Arropa eraman!
Hegaldia erosoa da Milanera. Eguraldia argia bada, Malpensara hurbiltzen zarenean Alpeen gainetik pasa eta zuri-zuri ikusiko dituzu. 10.000 metroko altueran, Gran Paradiso menditzarraren silueta ikusi ote dugun (4.061 metro)… Minutu batzuk geroago Turin hiriaren gainetik pasatzen da hegazkina. Milan Italiako finantza-hiriburua da. Ia milioi eta erdi biztanle du, eta hiri erdian hara eta hona ibilita, bisitaria azkar jabetzen da bertan diru zorroa ondo beteta dutela gehienek. Piazza del Duomo da hiriko erdigunea, katedral dotorea. Batez ere gauez. Katedralera Vittorio Emanuele II galeria zeharkatuz irits daiteke. Beirazko sabai ikusgarria dauka, eta galeria horretan, metro koadroak diru asko balio du. Ze komertzio dauden ikustea besterik ez.
Dena ez da aberastasun kutsukoa. Badira gune batzuk, aski interesgarriak, xumeagoak itxuraz eta izaeraz. Navigli da horietako bat, Milanen garraiorako eraiki zituzten halako ubide artifizial batzuk. Horietan elkartzen da jendea ilunabarretan, gurean hain ohikoa egiten dugun poteoaren antzeko zerbait egiteko, eta giro polita sortzen da bata bestearen atzetik kokatu dituzten tabernetan. Muturra gehiegi berotu gabe, San Siro aldera mugitzeko ordua da. Inter-ek jokatzen duenean, presente izan, Giuseppe Meazza da estadioaren izena. Benetan dotorea, estadioa.
Emaitza ez da ona izan etxeko taldearentzat, eta zaleak buru makur bueltatzen dira etxera. Burumakur eta metroko ilaran hotzetik nola babestu asmatzen…
Turin eta Alpeak
Milandik Turinera bitarteko bidaia erosoa da. Trenak ordu pare bat ematen ditu, ordainsari merkeena hautatzen baduzu. Presa baldin baduzu, eta 30 bat euroren truke, Freccia rossa delako trenak ordubete pasan egiten du bi hirien arteko 150 kilometroko tartea. Turin zaharragoa da, langile kutsu handiagoa du. Tristeagoa, esan genezake. Baina hiri dotorea da halere. 900.000 biztanle ditu, ia, eta Milan finantza hiriburua bada, Turin Italiako industria hiriburua dela esan genezake. Erdigunea Milangoa baino dotoreagoa da: enparantza erraldoi gehiago ditu (Piazza Castello, San Carlo), eta eraikuntza historiko gehiago ere bai: Palazzo Reale, Mole Antonelliana…
Bereziki deigarria da Mole eraikina, Italia osoko ezagunenetakoa. 167.5 metro da luze, eta barruan Turingo Zinemaren Museo Nazionala dago. Igogailu batek begiratoki batera eramaten zaitu, eta Turin hankapean jarri, 100 metroko garaieratik. Bistak ederrak dira. Hirikoak eta besoetako hatzekin uki daitezkeen Alpeetakoak. Ilunabarrean kolore dantza aho bete hortz geratzeko modukoa da. Montviso harro agertzen da mendebaldera, bere 3.841 metroko aldaretik. Zer esan Monte Rosa eleganteari buruz, zuri-zuri iparrean, 4.634 metroko begiratoki pribilegiatutik.
Mendi dotore horiek hain gertu ikusita, hurbiltzea onena. Aosta Turindik 120 kilometrora bakarrik dago, eta harantz zoazela, Cervino mendiaren azpira joan zaitezke, Cervinia herrira. Gozatuko duzu munduko mendi ederrenetako batekin, piramide perfektua baita 4.478 metroko mendi puska hori. 2.050 metrora, capuccino on bat eta zure aurrean Cervino mendia… koadro paregabea. Itzuleran, Aostak merezi du egun erdiko bisita. Historia eta arkitektura aberatseko hiria da, 3.000 metroko mendiek inguratuta, eta Frantziako hizkuntza eta kulturaren eragin nabarmenekoa, bere kaleetan.
Oroitzapen ezin hobea, etxera gustura bueltatzeko.
Jakin beharrekoak
NON | Milan-Turin-Aosta (Italia). |
NOIZ | 2018ko abendua. |
AKTIBITATEA | Turismoa. |
EPEA | 5 egun. . |
AGIRIAK | Nortasun agiriarekin nahiko. |
TXANPONA | Euroa. |
IRISTEKO | Hegazkina: Bilbo-Madril-Milan eta Turin-Madril-Bilbo, 230 euro inguru (Air Europa eta Iberia). |
TXERTOAK | Ez dira behar. |
AUTOPISTAK | 30 euro Aostara joan-etorria. |
HAN MUGITZEKO | Garraio publikoa: autobusa eta metroa. Trena Milandik Turinera (12 euro). Alokairu autoa Turindik Aostara joateko (80 bat euro). |
SAKELEKOA | Euskal Herriko prezio berbera. |
OSTATUA | 3 izarreko hotela, gosariarekin, merkea eta erosoa (30-40 euro gaueko, gosariarekin). |
OTORDUAK | 20-25 euro. |
GARAGARDO BAT | 5-6 euro. |