Bistare-Bistare

Bidaiari, mendizale, natura maitale batek goia Planetako txoko jakin bat bisitatzen duenean jotzen omen du. Hura bisitatu gabe ezin omen da esan, zirkulua biribildu denik. Herrialde hori, noski, trekking zaleen paradisua da: Nepal. Iritziak iritzi, eta urte askotan han eta hemen ibili eta gero, esan dezaket Nepal must bat dela. Alegia, bisitatu beharreko herrialdea, bai edo bai. Zergatik? Erantzun errazena, betikoa: han dauden txoko eta paisaiak beste inon ez daudelako. Analisi sakonagoan, Nepalen mendia abentura zale xumearengana hurbiltzen dela esan genezake. Adina, sasoi fisikoa edo poltsikoaren aberastasunaz harago, bizpahiru asteko trekking bat denen eskura dago.

 

5.000 metroko langara iristen dira trekking asko, baina pazientzia eta arduraz jokatuz, edonor irits daiteke altuera horretara. Bideak, gainera, oso erosoak dira, zailtasun teknikorik gabekoak. Bertako jendea xumeetan xumea da, ibiltaria eroso sentitzeko beharrezkoa den guztia egiteko prest dagoena. Esango duzue: “Eta  sosak zer?”. Noski, ordaindu egin behar da, baina beste destino batzuekin alderatuta, ez da garestia. Nepalen bertan kontratatu daitezke trekking-ak, 500 euroren truke. Euskal Herrian ere pack osoa egin daiteke, hegaldia barne, 1.300-1.500 euroren truke. Abantailarik handiena, dena den, hauxe: ibiltariak aukeratzen du non hasi oinez, non bukatu, noiz atseden hartu…

2016ko udazkenekoa da trekking hau. Annapurna mendikatean egindakoa hiru astez. Tal herrian hasi ginen oinez, 1.700 metrora, eta Jomsom-en bukatu. 175 bat kilometro. Monzoiaren bukaera zen, eta lehen astean euri dezente izan genuen. Klima tropikala da, epela 3.000 metrotik behera, baina hortik gora hozten hasten da. Herritar xumeen berotasunarekin zer konparaturik ez. Jende ona, gutxirekin asko dutena, xumeak baina zintzoak, lurrak eta turistek ematen diotenarekin munduko eskualde menditsuenean irauten jakin dutenak.

Eguneroko ibileran murgildu baino lan errazagorik ez, Mendebaldeko turiston eguneroko gogorra ahazteko… Beti baitago zer ikusia Annapurna aldean: mendi itzelak, gari soroak, zuhaizti ikusgarriak, mendian gora sigi-saga harrigarriak egiten dituzten bideak, gidari eta zamalariekin edukitzen diren elkarrizketa aberasgarriak… dena polita, dena berria. Gosariak onak, bazkari eta afariak oparoak, aukeran beti bospasei elikagai. Garagardoak, garesti samar, baina ez al dira oporrak? Bueno, eta komuna… askok galdetu izan digute, nolakoak diren… zenbaitetan ez dago etxean daukagun erosotasunik, baina mendia ere ez al da ba, natura? Dutxak herri guztietan daude, eta ia beti, ura beroa.

Gozatu genuen Manang-en, Tilicho lakuan, ia 5.000 metrora dagoen turkesa ur koloreko glaziar laku ikaragarrian. Pasa genituen 48 ordu denda barruan sartuta, 4.800 metrora, elurra mara-mara, eta euria goian behean, Chulu West mendira igotzeko ahaleginaren zain ginela. Agurrean, dena den, Annapurna handia zaindari izan genuelako gozatu ederra hartu genuen. Baita Thorong-La Pass pasa genuenean ere, 5.400 metrora, batere elurrik gabe!

Gero etorri ziren Dhaulagiri piramide perfektua, Muztang bailara, Dawa gidaria, eta Subas eta Raj Gurung zamalariak agurtzeko une gogorrak, Pokharako atsedena, Kathmanduko kaosa, eta etxerako buelta… itzultzen garen arte! Bitartean, gozatu Joseba lagunak eta biok trekking-arekin egin genuen 40 minutuko pelikulatxo honekin: Bistare-Bistare.






Jakin beharrekoak

NON Nepal, Annapurnako trekkina.
NOIZ 2016ko iraila-urria.
AKTIBITATEA Mendiko trekkina. 5.400 metroko mendi lepo bat dago, Torong-la Pass, altuerara egokitzeko tentuz ibili behar da.
EPEA Hiru aste.
SALNEURRIA 1.300 bat euro, hegaldia barne. Prezio horretan trekking-eko otordu eta ostatu guztiak sartzen dira.
AGIRIAK Pasaportea derrigorrezkoa da. Nepalen sartzeko 40 dolarreko VISA bat ordaindu behar da.
TXANPONA Errupia. Balioa: euro 1 = 100 errupia (+-).
IRISTEKO Hegazkina (Kathmandura, Madrildik, 500-600 euro, Emirates hegazkin konpainiarekin. Hegaldia 14 ordukoa da, geltoki batekin Abu Dhabin).
TXERTOAK Ez dira behar.
HAN MUGITZEKO Garraio publikoa, autobusa. Autoan mugitzeak bere arrisku puntua du, Nepalen gidariek arauak nahierara betetzen baitituzte. Errepideak, gainera, nahiko gaiztoak dira, amildegiz josiak daude.
DISTANTZIAK Besishahar-en hasten da Annapurnako trekkina. Kathmandutik 250 kilometro eskas daude, baina 8 ordu luze behar dira autobusean.
SAKELEKOA Konpainiaren arabera, salneurriak begiratzea komeni. Turista asko joaten da Nepalera, eta salneurriak ez dira neurriz kanpokoak. Tokirik urrunenean ere WIFI-a daukate.
OSTATUA

Kathmandun 20-30 eurotan ostatua lor daiteke, eta hiriburutik kanpo, dezente merkeago.

OTORDUAK 5-7 euro Kathmandun, 2-4 euro trekkinean pasatzen diren herrietan.
GARAGARDO BAT 1-2 euro artean..


Bistare-Bistare