Mantaleko txokotik

Bizitza ez da arriskutsua gizakiak gaiztoak direlako, gertatzen ari dena begiratzera mugatzen direlako baizik. ALBERT EINSTEIN

Ongi etorri!

Agur bero bat denei. Irakurtzen ari zarena web orri xume eta apal baten lehen esaldia baino ez da. Handiusterik gabe jaioa. Ardatz lerroon egileak egiten dituen bidaiak izanen dituena, baina ekarpenak egin nahi dituen ororentzat atea zabalik izango duena. Bere istorioa kontatzeko, edo bidaia baten atarian informazioa eskatzeko. Arrazoia gutxienekoa da. Nik kontatu, zuek partekatu, edo alderantziz. Halaxe funtzionatuko balu, ezin hobe.

Aurkezpen txiki bat: Andoni Urbistondo naiz, urnietarra, 45 urte ditut, eta bidaiak izan ditut aspalditik arnasbide. Lagun on batek zioen moduan, kontalaria naiz ogibidez, eta nire bizipenak azaldu nahi nituzke txoko honetan. Hortik web orriaren izena: Mantaleko txokotik. Mantale Adarramendi eta Aballarri mendien artean dagoen lepoa da, Urnietan: lasaia da, bakartia, hausnarketarako aproposa.

Bidaiatzea izan dut makulu,  poltsikoan sosak izan ditudanetik. Makina bat egin ditut, eta egiteko asmoa dut oraindik. Txoko ezezagunak ezagutzea baino gauza eder gutxiago baitaude. Argazkiak gordetzeko desastre samar izan naiz beti, eta txoko honetan geratuko diren esperantzan ekingo diot kontakizunari. Hego Amerikan ibili naiz dezente, Asia aldean Trantsiberiarra, Mongolia, Txina eta Pakistan, Europan ipar-hego eta mendebalde-ekialde, AEBtan ere, han sartzea ia ezinezkoa bilakatu baino lehen…

Nepalen, Annapurnako trekking-ean pentsatu nuen lehen aldiz web gune honetan, hango paisai eta jendarte zoragarrietan galduta. Handik bueltan, ‘7 haizetara’ aldizkarian nire bidaiak kontatzeko aukera eman zidaten, eta hala egiten dut hilero. Web gune honetan erreportaje horietako batzuk ikusteko aukera izanen duzu.

Azken bi urteetan Alpeetan ibili naiz: Alemania eta Austrian, Italia eta Hego Tirolen, Eslovenian... baina baita Euskal Herriko mendietan ere. Dena baita bidaia: urrun egon, gertu, berezia izan, ez… Txoko asko ditut begiz jota: Kanada, Zeelanda Berria, Japonia… Kontatzen joango naiz. Zuk zeuk parte hartu nahi bazenu, posta elektroniko honetara idatzi, eta erantzuten saiatuko naiz: manttale@yahoo.es. Egin hegan!