Tirol eta Dolomitak
GURPILAREN ARRASTOAN
Oporrak egiteko aitzakia gutxi behar da: atsedena, deskonektatu, egunerokoa ahaztu… honatx beste bat: bizikleta zalea izanik, bizikleta proben jarraipena egitea. Urnietan baditugu nazioartean probak korritzen dituzten bi lagun, eta haiek animatzeko aitzakiarekin, Europako eskualde menditsuena bisitatzeko aukera hoberik ez. Giro del Trentino da itzulia, egun Tour of the Alps deitua. Proba hori korritu zuen Euskadi-Murias taldeak apirilean, tartean Mikel Iturria urnietarrak.
Trentinoko Giroa Trentino eta Hego Tirol eskualdeetan korritzen da, Italia ipar-ekialdean, Dolomitetan. Apirilean denez, ez dituzte eskualde menditsu hartako kolosoak igotzen, elurrak mendian behera eusten diolako. Bailaratik gertuago ibili beharrak, ordea, bestela ikusi ere egingo ez genituen herri eta hiriak erakutsi zizkigun: Folgaria, Trento, Bolzen, Klausen, Tesero, Val di Non, Barbian… Nahita jarri dut azken herri hori, Dolomiten edertasuna ulertzeko adibide ezin hobea baita!
Barbian 1000 metro ingurura dago, Adigio ibaiak milaka urtetan zizelkatu duen bailarako mendi magal batean. Bertatik Dolomitak parekorik gabeko parajea dira, marrazki bizidunetako paisaia ezinezkoak. 3.000 metroko mendi puskak, orratz tenteak eta belaze berde-berdeak, neguko kolore zuriz jantziak. Herri batetik bestera, mendate batetik bestera, liluratuko zaituzten herritxoekin, Trento hiriburuko historiarekin, edota Innsbruck-eko kokapen ederrarekin harrituko zara. Eta tarteka, ziklistak ikusi, animatu, eta beraien emaitza onekin disfrutatu!
Datu batzuk:
NON | Folgaria eta Chiusa/Klausen (Trentino eta Hego Tirol). |
NOIZ | 2018ko apirila |
AKTIBITATEA | Mendia, bizikleta. Turismo lasaia, jendetzarik gabekoa. Ziklismo proba baten jarraipena. |
EPEA | Astebete. |
AGIRIAK | Nortasun agiriarekin nahiko. |
TXANPONA | Euroa. |
IRISTEKO | Hegazkina (Bergamo, 150 bat euro Gasteiztik, Ryanair konpainia). Hegaldi merkeak eskaintzen dituzten konpainiekin adi ibili, eskaintzen dituzten prezioak eta azkenean ordaintzen dena ezberdina izaten baita. |
HAN MUGITZEKO | Alokairu autoa Bergamoko aireportuan, astebete, BMW Serie 1 autoa, Sixt konpainiarekin: 300 euro. |
AUTOPISTAK | 100 bat euro aste osoko joan-etorriak, Innsbruck hirikoa barne (Austria). |
DISTANTZIAK | Bergamotik Dolomitetara 200 bat kilometro daude. |
SAKELEKOA | Euskal Herriko prezio berberak. |
OSTATUA | Hotelak. Prezio onak (30-40 bat euro bakoitzak eguneko). |
OTORDUAK | 15-20 euro. |
GARAGARDO BAT | 3-4 euro. |