Riding South Asia

10 asteko askatasuna eta zoriontasuna Asiako hego ekialdean.

Betidanik eduki izan dut Asiako kulturen inguruko jakin-mina, eta bertatik bertara ezagutzeko unea iritsi zitzaidan iaz. ‘GOOD MORNING VIETNAM!!!’ Behin Hanoira iritsita, motor bat erostea erabaki nuen, Vietnam nire kabuz eta nire erritmoan ezagutzeko. Bertakoekin ahal zen moduan komunikatu nintzen, eta hainbat motor probatu ostean, nire bidaiarentzako egokiena zena hautatu nuen: Honda Win 110 cc. Vietnamdarren artean, eta motorrean mugitzen direnen artean motor erabiliena da. Txikia da, arina, ordezko piezak edozein txokotan bila daitezke, eta motxila atzeko aldean jarri daiteke pulpo soka batzuekin. Vietnamgo bide zaharkitu eta zulatuetan barrena ibiltzeko nahikoa da. .

Egun pare batez motorra probatu nuen Hanoin, eta ondoren Iparreko bidean murgildu nintzen. Bi aste eman nituen bide hori osatzen (lasaitasun handiz egina).

Hanoi – Mai Chau – Moc Chau – Son La – Sapa – Lao Cai – Bac Ha – Ha giang – Tam Son – Vu Linh – Hanoi

IKARAGARRIA! Bide zirkularra da, herri txikietatik pasatzen dena, Vietnamgo etnia ezberdinak deskubritzen dituzun heinean. Errepideak zoragarriak dira, 10 minuturo geratzera behartzen zaituzten horietakoak, paisaiaz gozatzeko. Hori bai, aintzat hartu hotza egiten duela. Arropa egokia eraman!!

Iparreko Bidea osatuta, Halong Badia famatura joan nintzen. Vietnamen barrena ibili den orok hitz politak dauzka badiari buruz galdetuta. Eta arrazoi osoz! Bertako legenda batek dioenez, Vietnamgo herritarrak Txinaren aurka borrokatzen ari zirela (Txinak Vietnam inbaditu nahi zuen), Jade enperadoreak herensuge familia bat bidali zuen bere herria defendatzen laguntzeko. Herensuge horiek bitxiak eta jade-a jaurtitzen zituzten. Bitxiak uharte eta uharte txiki bilakatu ziren, eta euren artean batu ostean horma handi bat sortu zuten inbaditzaileen aurrean. Modu horretan, Txinako ontziak hondoratzea lortu zuten. ‘Ha Long’ “jaisten den herensugea da, Vietnamgo hizkuntzan

Halong-eko badiatik kostaldean barrena joan nintzen Ho Chi Minh hirira iritsi arte. Bi bat aste eman nituen tarte hori osatzen, eta Vietnamgo txoko politenak ezagutuak nituela uste banuen ere, beste hainbat ezagutzeko nituela jabetu nintzen: Tam Coc edo Halong Badia lurrean, Hue inperio-hiria, Dalat hiriko inguruak eta mendiak, Hoi An-eko Alde zaharra, Mui Ne-ko hondartzak eta inguruak, Cat Tien Parke Nazionala, Mekong ibaiko delta…

Egun pare bat egin nituen Ho Chi Minh hirian, eta motorra saltzea erabaki nuen, hurrengo jomugara jo aurretik: Kanbodia. Hilabete pasa egin nuen motorrean, eta autobus txiki batean ordu asko pasatzea erabaki nuen, Ho Chi Minh-etik Phon Penh-era joateko.

Kanbodia Angkor-eko tenpluak baino askoz gehiago da. Herrialde dotorea da, ezkutuan dagoena Vietman eta Thailandia bezalako bi herri turistikoren artean. Ezezagun samarra da, baina merezi du bertako herritar, ohitura eta paisaien artean barneratzea. Mundu guztiari egiten zaio ezaguna Vietmango gerra. Ez hainbeste Khemer Gorrien kontua. Kanbodiako herritarrek infernu latza jasan zuten, eta hala ere, adeitsuetan adeitsuenak dira bisitariekin.

Phon Penh – Sihanoukville – Koh Rong Samloem – Kampot – Battambang – Siem Reap

Hiriak nahiko zikinak dira Kanbodian, baina hori jende ona eta txoko ederrei esker orekatzen da. Hiriburuan egun batzuk pasa ondoren, kostalderantz mugitu nintzen uharteren bat bisitatzeko asmoarekin. Sihanoukville-era joan nintzen. Bertatik, ferry bana daude Koh Rong (uharte handia) eta Koh Rong Samloem uharteetara (uharte txikia). Uharte handia turistikoagoa zela esan zidaten, parrandero gehiago joaten zirela, eta txikian urrun samar zegoen hondartza eder bat bazegoela, lo egiteko etxola moduko batekin. Eta hara joan nintzen. A ze paradisua! Eta bakar-bakarrik, ia-ia. Toki hark Driftwood du izena. Egurrez eraikitako etxola batzuk dira, birziklatutako materialez eraikiak. Jabeek hiru bat urte zeramatzaten han bizitzen eta 2 dolar kobratzen zuten han lo egiteagatik. Toki horretara iristeko M´pai bei-ra doan ferry-a hartu behar da Sihanoukvillen. Behin ferrytik jaitsita, ordubete egin behar da oinez oihanetik, edo hondartzara eramango zaituen txalupa bat erabili.

Astebete egin nuen Driftwood-en, Sinahoukvillera itzuli aurretik. Bertatik Kampot aldera mugitu nintzen, eta hortik Siem Reap-eraino, behingoz Angkor-eko tenpluak bisitatzeko. Paradisuaren parekoa zela esan zidaten, eta aurreikuspenak erabat bete ziren. Oihan erdian 100 tenplu baino gehiago, lakuak, jauregiak dituen gune arkeologikoa… TukTuk bat alokatu nuen egun osorako, eta egun osoa eman nuen hara eta hona, tenpluak bisitatzen.

Bangkok – Ching Mai – Chiang Rai – Pai – Bangkok.

Kontu dezente esan zizkidaten Bangkok-i buruz, eta ez preseski, onak. Handik pasa eta gero ziurtasunez esan dezaket nire bidaiako gauzarik itsusiena izan zela: Sexu eta parranda turismoa, ustel usaina hiriko kaleetan, trafiko itogarria, tabernak bezeroak engainatu nahian etengabe… Sarrera hiri bat den neurrian, nahikoa da bertan egun pare bat egitea. Hiriburutik Chiang Mai-era joan nintzen, trenean!!! 10 ordu luze, baina laburrak egin zitzaizkidan, trenak begetazioz betetako nekazal guneetan barrena egiten baitzuen aurrera. Hirira iritsita, bertako txoko eta tenpluak bisitatu nituen.
-Chiang Rai – Pai motorrean (alokairuan hartua). Thailandia bat ikusi nuen ordura arte, eta erabat ezberdina ondoren: ur jauziak, lakuak, termak, mendiak… Oso gomendagarria aste pare bat pasatzeko.

Eta honaino nire kontakizuna! Irakurriko zenutenez, ohiko gune turistikoetatik harago zer deskubritu eta gozatu ugari dute Vietnam, Kanbodia eta Thailandiak. Osagai gutxi behar dira horietaz gozatzeko: denbora, gogoa… eta motorra!






Riding South Asia